IMG_1043

30 urte ta gora prudentzi!

Bada azken aste hauetan Gasteizko pareta, farola, komun edota tabernaren bateko eserlekuan maiz ikusi izan den pegatina bitxi bat. Asko izan dira kalean edota tabernan, lagun artean, horren inguruan entzun izan diren galdera eta gogoetak: Zer demontre esan nahi du esaldi horrek? Nor dago horren atzean? Zer sinbolizatzen du? Nor da Prudentzi? Eta hatzapar horiek? Bada zalantza hori argitzeko garaia, izan ere, pegatinak harreman zuzena dauka gaur guk hemen kontatuko dizuegunarekin. Eta zer esaten du pegatinak? Bada… “Ta Gora Prudentzi!”  Eta guk zer esaten dugu? Bada … gora!

Prudentzi 1988ko apirilaren 28an jaio zen, katakume batzuk apezpikuarena zen kotxeraren ateari ostikoa eman eta bizitza berri bat emateko hautua hartu zuten unean. Orduz geroztik Alde Zaharra piztu, berotu eta hankaz gora jartzen ibili da. Aurten, Prudentzik Gaztetxean 30 urte beteko ditu, eta bere urtemuga ospatzeko sorpresa andana dauka prestaturik.

Prudentzik Alde Zaharra maite du, eta oso harro sentitzen da bertan bizitzeaz. Duela 30 urte jaio zen arren, ez dio inoiz utzi hazi, hezi eta eraldatzeari. Hala ere, badu zerbait inoiz aldatu ez duena: sentimendu gaztetxeroa. Katu honek okupazioa, autogestioa eta asanblada oinarritzat izan ditu beti. Lehen intsumisoa zen, orain desobedientea. Gaztetxean euskara sustatzen jarraitzen du. Kolore ugariko Gaztetxea eraikitzen dabil. Hilero kulturaz eta aldarrikapenez jositako kartelak ateratzen ditu. Gaur egun ere Sex Pistols edo Kortatu bezalako taldeak entzun eta kalea eta bankuak erretzeko gogoak sartzen zaizkio. Bizikletaz ibiltzeagatik isuntzen dute. Oholtza gainean bertsotan dabil. Politikariei atzaparrak begietan sartzen jarraitzen du. Alde Zaharreko auzolanetan dihardu. Aldakak kunbia erritmora mugitzen dituen bitartean gora borroka feminista! oihukatzen du. Teilatua eta tximinia hamaika aldiz konpontzen ditu. Ez da inoren menpe bizi. Bihurri eta zirikatzailea da, antzerkilaria, ameslaria, kultureta… Azken finean, Prudentzi gu guztiok gara. Berak gu gorpuzten gaitu, eta guk bera gorpuzten dugu.

30 urte ibili da espekulazioa okupazioaren bidez salatuz. Gaur egun, atzo bezalaxe, etxebizitza eskubidea gutxi batzuk ordaindu dezaketen luxu atzeman ezina delako. Gorbatadun batek baino gehiagok poltsikoak bapo betetzen baititu familien ametsak zapuztuz eta kale gorrian utziz, edota oinarrizkoa den eskubide honekin zozketak eginez. Hori amorruz ikusi behar izan du Prudentzik auzoan bertan, eta oraindik ere ikusten jarraitzen du, Santo Domingo kalean esaterako. Prudentzik bizirik nahi du Santo Domingo kalea eta auzo osoa! Horregatik, Prudentzi harro dago, gaur egun Gasteizen dugun okupazioaren eta espazio autogestionatuen aldeko aldarrikapena bizi-bizi dagoelako, auzoan bertan zein hiri osoan. Horren adibide da aurten, gure urtemugaz gain, beste ahizpa batzuena ere ospatuko dugula elkarrekin: Errekaleorrek 5, Auzolana pilotalekuak 10 eta Hala Bedi irratiak 35, zorionak guri! Hau geldiezina da! Bihurri ta harro, súbete al carro! Jakingo duzuenez, hori dela eta datorren urriaren 6an “OkupaTU Gasteiz” eguna ospatuko dugu guztiok elkarrekin, eta urtean zehar ere hainbat dinamika burutuko ditugu, adi beraz!

 Esan bezala, erabateko modu autogestionatuan proiektuak aurrera eraman daitezkeenaren lekuko argia da Gasteizko Gaztetxea. Ez baitago gure ametsak eta sinesmenak atzera botaraziko dizkigunik jaio. Ilusioz eta indarrez lan eginez edozer gauza lortzeko gai garela askotan frogatu dugu. Sistemak ezarritako autoritarismoa irauli, eta erabakiak denon artean hartzearen aldeko apustua egin genuen. Akatsetatik ikasiz eta inkoherentzien barruan ahal dugun bezain koherente izanik. Galeanok esan zuen bezala, alderantziz antolaturik dagoen mundu honetan ez dagoelako eskolarik kontraeskola geldiaraziko duenik, eta horixe bera da Muinoko Etxea.

Gaztetxea guztion etxea dela aldarrikatu dugu urte luzez. Eta horregatik asko izan dira hiru hamarkada hauetan zehar egindako ekintza desberdinak; baita oso anitzak lanean ibili diren kolektiboak ere. Milaka jaialdi, hitzaldi, babes, turno, auzolan eta sare josi dira lau pareta hauen artean. Etxe honen egurrezko atetik dorrearen azken puntaraino arnasgunea izan dira, teilak ere dardarka jarriz. Argi daukagu Gaztetxeak 30 urte iraun izanaren arrazoia herri mugimenduaren babesa izan dela, eta, beraz, ezin dugu ahaztu eragile ezberdinok guztiona den  etxeari eman diogun babesa eta bizia. Feministak; ikasleak; uhin, eraikin edota auzo oso baten okupak; solidarioak; gazteak; internazionalistak; ekologista; bizilagunak; kulturetak… Gora zuek! Hori dela eta, hiru hamarkada hauek ospatzeko Gaztetxea osatu dugun ekintzaile, kolektibo, auzokide, militante eta kulturzale ororen urtemuga izatea nahi dugu. Hortaz, kolektiboekin elkarlanean zazpi “aldarrikapen aste” burutuko ditugu aurten:

  Datorren astean hasiera emango diogu programazio ekologista baten bidez. Urtarrilaren 24tik 27ra bitartean Berriztu, Zero Zabor, bionekazaritza eta italiako antiespezista batzuen eskutik egitarau oso interesgarria burutuko dugu. Hurrengo hilabeteetako gaiak beste hauek izango dira: otsailean gazte mugimendua, martxoan feminismoa, apirilean okupazioa eta autogestioa, maiatzean presoak, ekainean auzoa eta uztailean internazionalismoa. Gai oso anitz eta ezberdinen inguruko hitzaldiak, kontzertuak, antzerkiak, mahai-inguruak edota filmak ikusteko aukera egongo da, ezagutzak partekatuz gozatzeko eta elkar indartzeko!

Beraz, gonbidapen interplanetarioa luzatzen dugu gerturatu nahi duen pertsona orok Gaztetxe tropikal eta libre hau ezagutu dezan. Batzuen zorionerako edo besteen zoritxarrerako, beste 30 eta beste 300 urtez ere hementxe egongo baikara.

Gora Gasteizko Gaztetxea eta Gora Prudentzi!!!